BIOGRAFIA
Nerea Loiola Pikaza
Deban jaio nintzen 1985ean. Ingeniaritza Mekanikoan graduatu nintzen eta Bigarren Hezkuntzako matematikako irakaslea izan naiz urte batzuetan. Naizenari heldu eta idazle lanetan nabil orain.
2018an argitaratu nuen nire lehen liburua haur literaturan, Harri bat poltsikoan (Erein); eta orduz geroztik hamabost lan baino gehiago argitaratu ditut haur, gazte eta helduen literaturan. Helduei zuzendutako nire bi narrazio liburuak (Epizentroa, 2021, Erein; Zebrak eta bideak, 2024, Erein) Euskadi Literatura Sarietako hautagai izan dira. Hala ere, gazteei zuzendutako ESKAPU LIBURUAK bilduma da nire lanik entzutetsuena, aukeratu zure abentura eta ihes-liburu egitura konbinatzen dituen abentura liburuz osatutakoa.
Literatura liburuez gain, iritzi artikuluen zutabegintzan -Urola Kostako Hitzan eta Berria egunkarian- eta komikien munduan ere banabil. Eta Irabazi arte ETB1eko telesaileko pertsonaien unibertsoan oinarrituta, euskarazko lehen komiki interaktiboa sortu dut Aitziber Alonso ilustratzailearekin batera.